Itzultzaile teknikoek bat egin dute.

Lankide agurgarriak:

Itzulpen teknikoaren aldeko ekimen honi proTECT project izena jarri diogu, eta dozena bat pertsonak eskuzabaltasunez parte hartzeari esker, azken asteotan egitasmo berri asko ari dira azaleratzen. Horrelako blog batek behar duen bezala, egokitzat jo dugu hilean bisita gehien izaten dituen sarrera beste hizkuntza batzuetara itzultzea, zuek zeuek garrantzizkotzat jo duzuen informazio hori are pertsona gehiagorengana hel dadin.

Gure asmoa da hilero-hilero gazteleraz aritzea, eta, horrezaz gain, hasiera batean, katalanez, euskaraz, galegoz, frantsesez eta ingelesez ere jardungo dugu. Aukera izanez gero, hizkuntza gehiagotan egingo dugu. Oraingoan, apirilaren 29an argitaratutako sarrera dakarkizuegu; kaleratu zen egunean 334 bisita jaso zituen, eta beste hainbat hurrengo bi egun eta erdian, hurrengo sarrera plazaratu aurretik.

Espero dugu irakurle berrientzat aurrekoentzat bezain interesgarri suertatzea!

Agur bero bat,

proTECT projecteko taldea

 

Itzulpena: Nagore Pérez

Blogaren irakurle agurgarriak:

Apirilaren 5ean, Formación especializada para traductores técnicos sarreran aditzera eman nuen aldaketak gertatzen ari zirela proTECT projecten barruan. Uste dut badela garaia horien guztien berri emateko.

Berehala aurkeztuko dizuedan itzultzaile tekniko batekin harremanetan jartzearen ondorioz, eta ikusita pertsona gehiago animatzen ari zirela proiektuaren ildotik gauzak egitera, urtarrilaren amaieran makineria martxan jarri zen, bai eta taldea sortu ere. Gaur egun, proTECTek banaketa zerrenda du Red Irisen (http://www.rediris.es/list/info/protect.html), blogaz eta Twitterreko kontuaz gain (@proTECTproject), guztiak itzultzaile teknikoen mesederako. Hartara, talde sortu berriak horiek eta beste ekimen batzuk kudeatuko ditu.

Itzultzaile hori Laura PERAL da, eta bere profil profesionala blogeko equipo atalean ikus dezakezue; honezkero, baliteke bertako zenbait sarrera irakurri izana. Une honetatik aurrera, Laura prestakuntzari buruzko informaziorako proTECTeko koordinatzailea da, eta edozein kontsulta, iradokizun edo komentario egin nahi izanez gero, jarri zuzenean berekin harremanetan proTECTformación@ymail.com helbidera idatzita.

Laurari esker, hiruhileko honetan hasiko gara itzultzaile teknikoentzako prestakuntzari buruzko prentsa oharra hedatzen; hiru hilean behin egingo dugu, eta asmoa da lehena ekainaren amaieran egitea.

Horrez guztiaz landa, esan bezala, Laurak gai hori jorratuko du blogeko sarreretan, eta norbaitek ekarpenik egin nahi badu, jarri harremanetan, pozik hartuko dugu eta. Blogerako sarrera bat idazteko asmoa baduzue, ez ahaztu zuen profil profesionalaren laburpen motza eta argazkia bidaltzea, sarrerarekin batera argitaratzeko.

Era berean, blogeko orrialde bat sortu dugu prestakuntzaz soilik jarduteko, eta bertan jasota geratuko da gai horren inguruan topatzen dugun informazio guztia, hau da, orrialde horretan prestakuntzari buruzko informazioa aurkituko duzue, zentralizatua, ordenatua, argi eta labur.

Ekimen horren harira, bururatu zitzaigun interesgarria litzatekeela antzeko beste prentsa ohar bat egitea, baina baliabideen ingurukoa besterik ez. Pentsatu eta egin: equipo atalean José María MONTERO eta Judith DORDAS taldekideen informazioa eskura dezakezue, eta baliabideei buruzko informaziorako proTECTeko koordinatzaileak izango dira. Harremanetan jarri nahi izatekotan, idatzi mezua proTECTrecursos@ymail.com helbidera. Darío G. IMIRIZALDU itzultzaile eta diseinatzaile grafikoak prentsa oharrak maketatzen lagunduko digu.

Banaketa zerrendako jarraitzaileok Dropboxeko kontu bat partekatzen dugu, eta prentsa oharraz gain, Jose Maríak eta Judithek eguneratu egingo dute bertako baliabideen fitxategia. Informazio hori guztia biltzeko, zuen ekarpenak behar-beharrezkoak dira, harpidedunen ekarpenak, prentsa oharretan jasotako informazioa, Twitterreko kontuan metatzen joan garena, etab.

Núria de ANDRÉS oso aktiboa da baliabideak Twitterren partekatzeari dagokionez, eta noizean behin informazioa helarazteaz arduratuko da; hori dela eta, proTECTeko ohiko kolaboratzaile dugu.

Prestakuntzaren kasuan bezalaxe, blogeko orrialde bat abian jarri dugu baliabideei buruzko informazio guztia zentralizatzeko.

Gure asmoa da informazio hori ahalik eta pertsona gehienengana heltzea, eta, hortaz, prentsa ohar horiek zabaldu behar direnean, Nagore PÉREZ izango dugu laguntzaile, kanpo harremanetarako proTECTeko koordinatzailea baita. Harremanetan jartzeko, idatzi proTECTexteriores@ymail.com helbidera. Ziurrenik, Nagorek eta Jose Maríak ere sarrera interesgarriren bat plazaratuko dute blogean ;-).

Bestalde, Graciela FONDO ere oso aktiboa da banaketa zerrendan, lantzean behin askotariko informazioa bidaltzen du eta. Jardun profesionalari buruzko informazioko koordinatzailea da, eta hilean behin sarrera bat kaleratuko du blogean. Beka, praktika, lanpostu, hitzaldi eta abarrei buruz arituko da, hots, interes orokorreko eta bereziki itzultzaile teknikoentzako informazioa emango digu. Harremanetan jartzeko, erabili proTECTprofesional@ymail.com helbidea.

Azkenik, Carmen CARBONE prestakuntza, baliabide eta abarren inguruko informazioa helarazten ahaleginduko da Atlantikoaren bestaldetik. Ildo horretatik, Núria de Andrések eta berak antzeko lana egingo dute.

Berri horiekin guztiekin amaitu aurretik, azaldu nahi dizuet proTECT projecten banaketa zerrendak Dropboxeko kontua duela, eta bertan Exceleko hiru fitxategi ditugu: baliabideen ingurukoa, foro horretan jorratutako gaiak biltzen dituena, eta direktorio moduko bat gordetzen duena. Direktorioari dagokionez, harpidedunek profil profesionalari buruzko informazioa jar dezakete, eta, hala, datu base gisa erabil daiteke lankideak kolaboratzaile bila dabiltzanean, edo zerrendatik kanpoko norbaitek informazioa eskatzen digunean gai batean adituak diren profesionalak aurkitzeko. Halaber, Dropboxeko kontu horretan lankide batzuek emandako dokumentazioaren karpetak daude. Materialak eragin ditzakeen egile eskubideak noraino hel daitezkeen ez dakigunez, harpidedunek eurentzat baino ezin dute erabili, inoiz ez zerrendatik kanpo.

Azkenik, jakin badakizue ekimen honen xedea teknikariak eta itzultzaile teknikoak biltzea dela, elkarri lagundu ahal izateko. Zailagoa da, dena den, teknikariek banaketa zerrendarekin bat egitea eta blogean parte hartzea. Ondorioz, hemendik gutxira proiektua teknikariei aurkezteko gutuna idatzi eta kaleratuko dugu, egokitzat jotzen duzuen enpresa, gremio, elkargo ofizial edo erakundeei helaraz diezaiezuen, batik bat proiektuak mesede egin diezaieketen teknikariek osatutakoei, guri mesede egiten digun moduan. Hala, denok geure harri-koskorra ekarrita, lortuko dugu ekimenak sorrerako helburuak erdiestea.

Besterik ez, oraingoz. Espero dugu aldaketek ilusioa eragitea, guri eragiten diguten bezalaxe, eta proiektuan modu aktiboagoan parte hartzera animatzen zaituztegu, ontzat ematen duzuen eran eta heinean.

Agur bero bat,

Amaia GÓMEZ GOIKOETXEA

Ekimenaren koordinatzailea.

PD: Ondo dakizuenez, ezin dut sarrera hau bukatu itzultzaile boluntarioen talde jaioberria aipatu gabe. Hemendik aurrera, hilean bisita-kopuru handiena jasotzen duen sarrera zenbait hizkuntzatan izango duzue.

Òscar AZNAR ALEMANY izango dugu itzulpenen koordinatzaile, eta katalanerako itzultzaile ofiziala ere izango da.

Komentario, iradokizun, hautagaitzak eta beste helarazteko, idatzi helbide honetara: proTECTtraducciones@ymail.com (adi! EZ da Gmail). Gogoan izan pozez hartuko zaituztegula itzultzaile “finko” bilakatzen bazarete hilean sarrera bat zuen ama hizkuntzara itzultzeko. Nolanahi ere, hilabete zehatz batean ekimenarekin modu horretan bat egin nahi izanez gero, noizean behingo itzultzaile gisa ere ongietorriak zarete.

Nagore PÉREZ, kanpo harremanetarako koordinatzailea izateaz gainera, euskararako gure itzultzaile ofiziala ere bada.

Lucía ÁLVAREZ galegorako itzultzaile ofiziala da.

Eta Martine JOULIA frantseserako itzultzaile ofiziala dugu.

Anuncios

About proTECT project

iniciativa en pro del acercamiento entre técnicos y traductores especializados y en busca de la calidad técnica y lingüística óptimas de la documentación que generan. Si quieres colaborar, puntual o habitualmente, ponte en contacto con nosotros en proTECTproject@ymail.com

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s

A %d blogueros les gusta esto: