NBEren rosterrean sartu naiz!

(LCE-2012-Spanish Translators. VI. zatia.)

Amaia GÓMEZ. Itzulpena Nagore PÉREZ.

Hori gertatzea nahi nuke nik! Ez dut neuk hori oihukatu, tamalez. Bi ezagun hauek, ordea, lau haizetara bota dute ziurrenik: Olga Campos eta Ana Puga. Lerro hauen bitartez zoriondu nahi ditut egitandi horregatik, gainditzen dutenen ehunekoa oso txikia baita. Olgak lehen saiakeran lortu du, eta Anak ekin eta ekin, azkenean bigarrenean! Beraz, niri dagokidanez, zure ereduari jarraituko diot, Ana .

Argi dago ezin dudala zuzenean kontatu zertan dautzan zerrenda baliotsu horretan sartu aurretik egin behar den azterketaren urratsak, eta hortaz, erabaki dut Olgari elkarrizketa egitea, berak eman diezadan azken zatiaren berri: elkarrizketa pertsonala, idatzizko azterketa gainditu ostean. Esku artean dugun honekin bukatuko ditut gai hori jorratzen duten sarrerak, eta horiexek berreskuratu nahi izanez gero, erabili honako lotura hauek: http://wp.me/p1CP3Z-4y, http://wp.me/p1CP3Z-4I, http://wp.me/p1CP3Z-4W, http://wp.me/p1CP3Z-5q eta http://wp.me/p1CP3Z-5H.

Beste ezer baino lehen, honatx Olgaren aurkezpena:

Olga 72 ppp 27-6-13@Olgacamposa Itzulpengintza eta Interpretazioan lizentziaduna da (Universitat Pompeu Fabra, 1999), eta zinpeko itzultzailea ere bada, ingelesetik. Horrez gain, medikuntza eta osasun arloko itzulpengintzaren inguruko masterra egin zuen Castellóko Jaume I unibertsitatean (2008), eta gaur egun itzultzaile autonomo eta master horretako irakasle gisa dihardu.

Salamancan ezagutu genuen elkar 2012ko irailean, ordurako geneukalako azterketaren proba idatzia egiteko deia. Berehala moldatu ginen ongi, eta gaurko egunez harremanetan jarraitzen dugu. Baina tira, ziur nago sarrera honen kasuan ez duzuela interesa gure adiskidetasunaren istorioari buruz, hortaz, goazen harira.

Olga, idatzizko azterketa 2012ko irailaren 11n egin genuen, eta niri martxoaren 6an jakinarazi zidaten ez nuela gainditu. Dena den, uste dut gainditu zenutenoi lehenago esan zizuetela, martxoaren 1ean, ostiralarekin? Nola jakinarazi zizuten? Oker ez banago, ostiral batean izan zen, azken orduan, arratsaldeko zazpiak edo zortziak aldera, ordenagailua dagoeneko bazterrean dagoenean, ezta?

Kaixo, Amaia. Lehenik eta behin, mila-mila esker zoriontzeagatik. Sekulakoa izan zen Salamancan elkar ezagutzea, ezin hobeto gogoratzen dut zein goxoa zen Plaza Nagusian hartu genuen garagardoa, azterketak hainbeste ordu iraun ondoren! Egia esan, azken urtea gorabeheratsua izan da niretzat, aldaketak, proiektuak, itxaronaldiak, irrika eta sorpresa atseginak tarteko. Martxoaren 1ean jakin nuen gainditu nuela, 20:30ak inguruan. Gogoan iltzatua daukat; izan ere, gau hartan senarrak afari bat zeukan, eta seme-alabekin nengoen bakarrik, jantokian jolasten. Halabeharrez, altxatu egin nintzen, eta ikusi nuen sakelako telefonoaren argi gorria ñir-ñir zebilela, mezu elektroniko bat iritsi berri zelako. Jatorria ikusi nuenean, blokeatu egin nintzen; hainbeste hilabete zain eta erantzuna hortxe, behingoz… Segituan ireki nuen, baina erantzuna zekarren PDF fitxategiak irekitzeko behar izan zuen denbora eskasa ezin luzeago iruditu zitzaidan. Baina horra, hortxe zegoen. Hasieran lanak izan nituen jabetzen, baina zorion handia sentitu nuen, eta sentsazio horrek hainbat egun iraun zuen.

Gutun horretan zioten aurrerago adieraziko zizuetela azterketa noiz eta non izango zela, eta zure kasuan apirilaren 9an izan zen, Madrilen. Zenbat denbora igaro zen bigarren jakinarazpena jaso arte eta zenbat lankide topatu zenituen Madrilen?

Horixe, bai. Gutunak zioen 4 lanegun genituela gure Personal History Profile eguneratua berriz bidaltzeko, baita gure tituluen eta pasaportearen kopia eskaneatuak ere. Hori guztia bidalita, martxoaren 21ean beste gutun bat jaso nuen, eta bertan aditzera eman zidaten nire azterketa apirilaren 9an izango zela, Madrilen.

Martxoaren 1a baino lehen, baina, azterketa egin zuten pare bat pertsona baino ez nituen ezagutzen (zu zeu tartean). Gainditzeak nigan eragin zuen euforia dela eta, mezu bat argitaratu zuen Twitterren, eta beste hiru neskak gauza bera egin zuten. Horrelaxe ezagutu nituen Ana Puga, Alicia García eta Antía Collazo; elkarri eman genizkion posta elektronikoko helbideak, eta ordutik harremanetan gabiltza. Sostengu handia izan dira niretzat, kezkak, zalantzak eta beldurrak partekatu baititugu, eta horren eraginez, prozesuaren zati hori askoz jasangarriagoa izan da. Ana, Alicia eta Antíaz gain, Sabela Avión ere Twitterren bitartez ezagutu nuen. Sabelak NBEren Genevako egoitzan dihardu, eta oso atsegina izan zen gurekin; izan ere, bere burua eskaini zuen erakundeari eta hautaketa prozesuaren zati horri buruz geneuzkan zalantzak argitzeko, oraindik egiteko genuen eta.

Azkenean, laurok izan genuen elkarrizketa apirilaren 8an edo 9an, eta beraz, Ana eta Aliciarekin topo egin nuen eta elkarrekin bazkaldu genuen Madrilen.

Esan beharra daukat neuk apirilaren 9an nuela elkarrizketa, goizean goiz, eta uste dut ordubeteko tartea uzten zutela elkarrizketen artean. Hori dela medio, ez zenituen gainerako elkarrizketatuak topatuko, ez sartzean, ez irtetean.

Aurreko egunean ere azterketa batzuk egin zituzten, ezta? Eta Genevan? Badakizu zenbatek egin zuten azterketaren fase hori?

Bai, Madrilen elkarrizketak egin zituzten apirilaren 8an eta 9an, eta ondoren epaimahaia Genevara lekuz aldatu omen zen, elkarrizketak jende gehiagori egiteko. Baina ez dakit New Yorkeko elkarrizketei gureak egin aurretik edo ondoren ekin ote zieten.

Gainditu dutenen kopuruaren harira, ez zen inoiz inolako zerrendarik agertu NBEren web orrian, baina Anaren lankide bat bertan dabil lanean, eta uste dut esan ziola idatzizko azterketa 19k gainditu genuela, eta 306 pertsona aurkeztu ginen hasieran.

Proba zertan zetzan zehazki: zatiak, denbora, epaimahaiaren nondik norakoak…?

Epaimahaia honako hauek osatzen zuten: New York eta Genevako Itzulpen Zerbitzuko buruak, Genevako senior reviser bat eta giza baliabideen arduradun bat, New Yorkekoa bera ere.

Iritsitakoan, gutxi gorabehera orrialde erdiko testu bat eman zidaten, eta aipatu zuten 10 minutuko tartea nuela testua irakurri eta prestatzeko. Horren ostean, nire bila etorri ziren, eta epaimahaiko kideak eserita zeuden aretora sartu nintzen. Testua ikusiz itzuli nuen, eta gero itzulpenari buruz egin zizkidaten galderei erantzun nien (funtsean, eskatu zidaten terminoren baten ordainerako alternatibak eman nitzala, edo esaldiren bat birformula nezala).

Probaren zati hori amaituta, elkarrizketaren gainerakoa ingelesez izan zen, eta NBEn competency-based interview deritzotenaren ereduari jarraitu zioten. Ez da ohiko lan elkarrizketa bat, bada pixka bat “berezia”. Begira, azterketen deialdian bertan esan ziguten itzultzaile lanposturako zenbait gaitasun baloratuko zituztela: profesionaltasuna, taldean lan egitea, etengabe ikastea eta teknologia berrien inguruko ezagutza izatea. Ondorioz, egin zizkidaten galdera guztien muina gaitasun horiek ziren, eta eskatu zidaten nire bizitza profesionaleko (edo bizitza pertsonaleko) benetako adibideak ematea, horien bidez frogatzeko haiek bilatzen zituzten gaitasunak ditudala. Esate baterako, aztertzaileetako batek eskatu zidan taldean lan egin behar izan dudan egoera baten berri ematea, arazorik gertatu ote zen eta nola konpondu ote nuen. Halaber, galdetu zidaten itzultzaile profesional on batek zein bertute izan behar dituen, nire aburuz. Esan behar dut egoerak errespetu handi xamarra eragiten duela, baina 45 minutuko solasaldia izan zen, lasaia eta naturala. Ez nintzen inoiz beldurtuta sentitu, eta denak izan ziren oso adeitsu, aretora sartu nintzen unetik atera nintzen arte, eta orduan hartu nuen lasaitua.

Hori egin eta gero, noiz jakinarazi dizuete rosterrean sartu zaretela? Azken probara aurkeztu zinetenon artean, ba al dakizu zenbatek lortu duzuen?

Ez dakit zenbat pertsona sartu garen azken zerrendan, oso informazio gutxi iristen zaizu horri buruz. Nik maiatzaren 24an jaso nuen berria, 23:30ean… New Yorkeko egoitzatik bidaltzen dutenez, beti harrapatu nau “bulegoko ordutegitik kanpo”. Bagenekien erantzuna berehala heldu behar zela, eta horregatik, senarra egun osoa aritu zen “sakelakoaren argitxo gorriarekin” txantxetan. Lotara joan aurretik, hain zuzen, ironiaz beterik galdetu zidan gai izango al nintzen ohera joateko begiratu bat bota gabe. Eta hortxe zegoen, aurrekoan bezala, mezu berri bat nire sarrera ontzian, eta datozen hilabeteotan bizitza aldatzea espero dudan berri zoragarria zekarren.

Eta orain lanpostu bat eskaintzeko zain… Guillermina Ruizi bi lanpostu eskaini zizkioten hilabeteko epean, hortaz, has zaitez maletak prestatzen .

Zintzoki, zorionak beste behin ere, eta eskerrik asko elkarrizketa egiteagatik, Olga!

Besarkada bat, Amaia

Eskerrik asko zuri, Amaia, zure blogaren bidez egiten duzun lan eskergagatik. Baliagarri izango zaio jende askori, ez soilik arlo teknikoko itzultzaileei. Espero dut zenbait hilabeteren buruan berri onak izatea, eta jakina, halakorik gertatzen denean, idatzi egingo dizut horren berri emateko. Muxu bat.

About proTECT project

iniciativa en pro del acercamiento entre técnicos y traductores especializados y en busca de la calidad técnica y lingüística óptimas de la documentación que generan. Si quieres colaborar, puntual o habitualmente, ponte en contacto con nosotros en proTECTproject@ymail.com

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s

A %d blogueros les gusta esto: