Teknologia nuklearrari buruzko ingelesa-gaztelania hiztegia.

Vicente ABELLA. Nagore PÉREZ.

Alor nuklearretik datorren itzultzailea naizen heinean, beti liluratu nau ingelesa-gaztelania hiztegi bat egoteak teknologia nuklearra bezain gai esklusiboari buruz, tresna horri esker bilaketa amaigabeak eta buruhauste izugarriak ekidin baititut.Hala ere, gaur egun gehien erakartzen nauena zera da: edukia irekia eta doakoa izateak, eta ondorioz, egileen lan eskergak eta altruistak.Foro Nuklearrak 1998an argitaratu zuen estreinakoz teknologia nuklearrari buruzko ingelesa-gaztelania hiztegia, eta sakon berrikusi eta zabaldu zuten 2008an kaleratutako bigarren edizioa egiteko, Tecnatomek eta Foro Nuklearrak babestuta.Gaur aukera izan dut Agustín Tanarro Onrubiari elkarrizketa egiteko. Hiztegiaren egile eta beste egile baten semea da, Agustín Tanarro Sanzena, eta glosarioa prestatzearen nondik norakoak galdetu ahal izan dizkiot.Hari eskertu behar diot nire galderei erantzuteko prestasuna, bai eta adeitasuna zein hurbiltasuna ere.Horra elkarrizketaren emaitza.

Agustín, nola sortu zen energia nuklearrarekin lotutako terminoen hiztegi elebiduna egiteko ideia?Sektorearen zein beharrizani erantzun zien?

Nire aita ere sektore nuklearreko profesionala izan zen, 35 urte baino luzeago aritu zen CIEMATen (Energia Nuklearraren garai bateko Batzordea). Zenbait liburu tekniko idatzi zituen eta hiztegiaren egileetako bat da. Erretiroa 1986an hartu zuen, eta nolabaiteko jarduera-mailari eusteko eta sektorearekin harremanetan jarraitzeko proposamen batzuk egin zizkioten, hain zuzen, master batzuetan eta graduondoko ikastaroetan eskolak emateko. Horrez gain, testu teknikoak itzultzen laguntzea ere proposatu zioten, batez ere INPO eta WANO bezalako nazioarteko erakundeen eragiketa-esperientzien txostenak.

Garai hartan, ikasketak amaitzen ari nintzen industria ingeniarien Madrilgo eskolan, eta ibilbide profesionalari ekin berri nion Tecnatomen (duela gutxi 25 urte egin ditut bertan). Itzulpen-lanekin laguntzen hasi nintzaion, eta azkenean, 20 urte baino gehiagoko kolaborazio aktiboa izan zen.

Mila bat txosten itzuli genituen, eta lan egin bitartean, teknologia nuklearraren “jargoiko” oso termino espezifikoak agertu ziren. Ez ohi genituen hiztegi teknikoetan topatzen, eta askotan ikerketa-lanak egin behar izan genituen hainbat eremutako lankide eta aditu ezagunengana joz. Ikerketa horien emaitzak biltzeko asmoz, “termino arraroen” zerrendak pilatu genituen, gure lanerako lagungarri suertatuko zirelakoan.

Zerrenda horien kopuru handi xamarra bildu genuenean, bururatu zitzaigun erabilgarri izan zitezkeela teknologia nuklearreko adarrekin lotutako pertsona ugarirentzat, askotan ingelesez idatzitako dokumentazioarekin lan egiten dutelako. Hala, Foro Nuklearreko arduradunek animatu gintuztenez, zerrendok abiapuntutzat hartu genituen eta hiztegiaren lehen edizioa osatzeari heldu genion. Foro Nuklearrak 1998an plazaratu zuen.

Liburuaren lehen edizioa argitaratu ondoren, Tecnatomeko jarduera profesionalarekin zein itzulpen-lanekin jarraituta, terminoak biltzen jarraitu genuen eta bildutakoak berrikusi genituen. Horren ondorioz, liburuaren bolumena ia-ia bikoiztu zen bigarren edizioan. Tecnatomek eta Foro Nuklearrak babestu zuten eta 2008an kaleratu, nire aita zendu baino hilabete batzuk lehenago.

Orduz geroztik, nahiz eta itzulpen-lanak baztertu ditudan, lanean aurkitzen ditudan terminoak eta definizioak biltzen jarraitzen dut nik bakarrik, noizbait edizio berria egiten bada.

Zein izan ziren hasierako xedeak eta nor ziren hiztegi elebidun eta noranzko bakarrekoaren hartzaileak? Energia nuklearraren zein eremu hartzen ditu bere gain (erreaktoreak, babes erradiologikoa, medikuntza…)?

Xedea zen gure jarduera baliatzea kontsulta-liburu bat egiteko, gure eremu profesionalarekin zerikusia duten ahalik eta pertsona gehienari laguntzeko erabilgarria. Hori dela eta, obra ahalik eta osatuena izan zedin, helburu handinahi xamarra finkatu genuen: teknologia nuklearrarekin eta antzeko diziplinekin lotutako alor guztiei erreparatzea, ahal zen neurrian. Bistan denez, gure eskarmentu profesionala oinarri hartuta, saihestezina da alor batzuk sakontasun handiagoz jorratzea.

Xede berarekin, hau da, ahalik eta pertsona gehienei laguntzeko eta hiztegia ahal zen gehiena hedatzeko asmoz, Foro Nuklearraren bitartez argitaratzea erabaki genuen. Eskatu zuten guztien artean doan banatu zuen, eta paperezko aleak agortu zirenean, web orriaren bidez pdf formatuan deskargatzeko aukera eman zuen (http://www.foronuclear.org/es/publicaciones-y-documentacion/publicaciones/diccionario-tecnologia-nuclear-ingles).

Liburuaren bertsio elektronikoaren harira, aipatu nahi dut abantaila gehigarri bat duela: Acrobat editoreak dituen bilaketa-aukerak baliatuta, terminoak alderantziz bila daitezke (gaztelania-ingelesa). Horrek ere eragina izan zuen gaztelania-ingelesa bertsioarekin obra ez handitzea erabakitzean, gaztelaniazko hiztunentzat ez delako aukera gehigarri handia.

Aintzat hartuta hiztegiaren gaian aditua zarela eta eskarmenturik (edo prestakuntzarik) ez duzula hizkuntzalaritza eta terminologia alorretan, zein izan ziren erronka nagusiak lana egin bitartean?

Liburua erabilgarria izate aldera, une oro saiatu ginen ahalik eta osatuena izan zedin; horretarako, terminoen itzulpenaz gainera, azalpenak ere sartu genituen kasu askotan, eta argitasunari eman genion lehentasuna, hizkuntza zorroztasunaren aurrean. Antzeko beste obra eta produktu batzuk ez bezala, adibidez, Espainiako Sozietate Nuklearraren, Segurtasun Nuklearreko Kontseiluaren edota Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren glosarioetan jasota daudenak ez bezala, gure hiztegiaren xedea zen, aipatu dudan moduan, ahalik eta osatuena eta erabilgarriena izatea teknologia nuklearrarekin lotutako profesional edo ikasleentzat. Hartara, helburua ez zen, inola ere, araudi edo erregulazio baten oinarri gisa erabiltzea maila tekniko, legislatibo edo linguistikoan.

Premisa horiek gogoan, hizkuntzalaritzan prestakuntza zehatza ez izatea ez zen oztopo handia izan, eta edonola ere, bi egileek lana elkarri etengabe berrikusteak, lankideen ekarpenek, eta azkenik, editorearen laguntzak zuzentasun-maila nahikoa eman zioten liburuari, helburua kontsultarako tresna praktikoa izatea den heinean.

Zer ikasi zenuen esperientzia horren bidez eta zein aholku emango zenuke hiztegi teknikoak etorkizunean prestatzeko?

Definizioetan eta glosetan muturreko zorroztasuna bilatzen ez bagenuen ere, nire eremu profesionalarekin lotuta dauden baina hertsiki eremu horretakoak ez diren arlo ugaritan sakondu behar izan nuen zehaztasun eta maila tekniko egokiei eusteko; horren ondorioz, ikuspegi zabalagoa dut teknologia nuklearrarekin harremana duten askotariko alderdi eta diziplinen inguruan.

Beste alde batetik, gure eskarmentuari erreparatuta, horrelako eginkizunek etengabeko bilaketa- eta ikerketa-lana eskatzen dute, terminoak urte luzeetan biltzen dira, eta ezin da, adierazitako helburuekin behintzat, epe jakin baterako lan intentsibo gisa planteatu, hutsetik hasita.

Anuncios

About proTECT project

iniciativa en pro del acercamiento entre técnicos y traductores especializados y en busca de la calidad técnica y lingüística óptimas de la documentación que generan. Si quieres colaborar, puntual o habitualmente, ponte en contacto con nosotros en proTECTproject@ymail.com

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s

A %d blogueros les gusta esto: